SEME-ALABENGANDIK GURASOENGANAKO INDARKERIA
Seme edo alaba, aita edota amarekin,( edota azken hauen eginkizuna betetzen duten familiako pertsonekin) erasokor agertzen denean (hitzen bidez, eraso fisiko edota ekonomikoak medio), eta bere asmoa kaltea sorraraztea edota kontrola eragitea denean, seme-alabengandik gurasoenganako indarkeria bezala uler dezakegu.
Indarkeria hau, behin eta berriz gertatzen da, eta intentsitate eta maiztasun txikitik handiagora bideratzen da denborarekin. Sarritan irain eta mehatxuekin hasten da, lapurretak ere ager daitezke. Ondoren etxeko ate, edota altzariak kolpatzen eta kaltetzen jarraitzen dute.
Azkenean, laguntza bilatzen ez bada, eraso fisikora irits daitezke, bultzada, ostiko edota eraso desberdinak medio.
Beraien helburua, ama edota aitaren gain boterea, kontrola eta dominazioa lortzea, beraiek nahi duten hori eskuragarri izateko. Nahiz eta gurasoek sarritan pentsatu, seme edo alabak arrazoi zehatz bat eduki gabe erasokor agertzen direla.
Pertsona askok pentsatu baino sarriago ematen den arazo bat da. Sarritan ama izaten da erasoa pairatzen duena, baina baita aita, aitona edota amona, edota azken hauen eginkizuna betetzen duten familiako pertsona.
Ezkutuko arazo bat dela esan dezakegu. Gurasoei askotan zaila egiten zaie onartu eta aitortzea, beraien seme edota alabagandik pairatzen duten indarkeriaren biktima direla. “Nire seme edo alabak jo egiten nauela onartzea oso zaila egiten zait”. Famili askok arazoa txikiagotu edo erasoen inguruan garrantzia gutxiagotzen saiatzen dira.